10 Barreiatzen 10: Petra Elser

Soziolinguistikaren dibulgazioa: gaur eta hemen

garaigoikoa

Barreiatzen egitasmoak aurrera darrai. Oraingoan gurekin Petra Elser dugu, Banaiz bagara elkarteko kidea.

Harrigarria da eta beldurgarria batzuetan, euskalgintzatik eta soziolinguistikaren mundutik kanpo, zer jende gutxik erabiltzen dituen hizkuntza portaerako (edo beste hitzetan esanda, euskara nonahi erabiltzeko) tresna proaktibo xinpleak, ezezagunei lehenengo hitza euskaraz egitea bezalakoak.

Lehenengo hitzarena erabiltzen ez bada, beste batzuk are gutxiago: adibidez, euskaldun hartzaile pasiboei ere euskaraz hitz egitea, harreman batean hizkuntzaz aldatzea (gaztelaniaz aritzea ohitura duten euskaldunen artean adibidez), talde elebidunetan euskaraz hitz egiten jarraitzea, gai zailetan (liskarrak, pasadizoak, kexak…) ere euskaraz hitz egitea, eta abar.

Etxean eta euren inguruan euskara lehenengo hizkuntza dutenek baina hizkuntzaren kontzientziaren unibertso horrekin zerikusirik ez dutenek ez dituzte tresna horiek erabiltzen. Inoiz hortaz pentsatu, entzun edo irakurri ez baldin badute, oso urrun geratzen zaie. Baina hortaz irakurri edo pentsatzeko, gaia pixka bat interesatu behar zaizu eta hori ez da gehienen kasua. Horrez gain, oro har, gero eta gutxiago irakurtzen dugu, edo albisteak edo artikuluak gero eta laburragoak dira, gero eta irudi eta ikus-entzunezko elementu gehiago dituzte, gero eta estilizatuagoak dira.

Horregatik, nire ustez, soziolinguistikak hiztunen jarrera eta hizkuntzen erabileraren inguruan teorizatzen duena oso modu kontsumigarri batean zabaldu egin behar da, baita forma berriak asmatu ere. Eta helburua ez da bakarrik hiztunen kontzientzia piztea, teoriatik praktikara pasatzeko esperientzia berriak sortzea ere.

Hementxe ideia batzuk, pista baino ez direnak:

•    Aldizkarietan edo telebistan Euskalzaindiaren aholkuak eman beharrean, hizkuntza portaerako kasu zehatzak eta bere konponbideak aurkeztu ahal ditugu. Gramatika aholkuak eman beharrean edo gaizki idatzitako errotuluak erakutsi beharrean, askoz interesgarria iruditzen zait zein hizkuntza, nola, noiz eta zergatik erabiltzen dugun hausnartzea. Adibidez: nire lagun batzuekin egin dut topo kalean, bat euskalduna eta bestea erdalduna. Zein hizkuntza erabiliko dut? Zergatik? Erantzuna hainbat modutan egin daiteke: adituren batek bere iritzia eman, baten batek bere soluzioak kontatu, aukera ezberdinen zergatien inguruan hausnartu … Eta hori guztia hainbat formatutan: testuak, komikiak, bideoak, kaleko iragarkiak …

 

•    Hitz-in: pertsona asko elkartzen diren guneetan gaiaren inguruko kontzientziazio postuak antolatu: herriko azokan, ospitaletan, geltokietan, unibertsitateetan, futbol estadioetan・ Beste gaien inguruko kanpainak bezala (erretzeari utzi, elikadura, energia aurreztea, birziklatzea, …) herritarrekin elkarrizketan sartzen saiatu, informazio materiala banatu, oparitxuak eman, entretenimendua antzerkia, musika, luntxak, … Baina hori guztia ez mezu moralista batekin (erabili euskara!) baizik eta hausnarketara gonbidatzen: Zergatik dauzkat nik hizkutza ohitura jakin batzuk? Benetan dira horiek nik nahi ditudan ohiturak? Ezagutzen al dituzu hizkuntzaz aldatzeko tresnak? Adibideak ere esketch moduan erakutsi ahal dira, modu dibertigarri eta ludiko batean, clownak, antzerkia, bertsoak…

•    Prozesu parte-hartzailea martxan jarri hizkuntza portaera inguruan: oso modan daude azken boladan prozesu parte-hartzaileak, baina hizkuntza portaeren inguruan oso gutxi egin da oraindik (Markinan lehen esperientzia martxan jarri da). Kontua izango litzateke ahalik eta herritar gehien biltzea (herri edo auzo osoa, ahal bada) eta hizkuntzaren inguruan hausnartzea: Zenbat euskaldunekin hitz egiten dut gaztelaniaz? Zenbat herritarrek ulertzen dute euskara eta gustatuko litzaieke euskaldunek beraiei euskaraz egitea? Zenbat euskara ikaslek edo ikasle ohik nahiko luke euskaldunak beraiekin euskaraz hitz egitea? Gaztelania hiztunek nola ikusten dute gaia eta beraien papera afera honetan? Hori guztia herri hausnarketa bezala, dinamizazio batekin non guztien ikuspegiak jasotzen diren, beldurrak, iritziak eta aurreiritziak. Ondoren, hainbat hausnarketa saio egin eta herritarren hizkuntza portaerari dagozkion pausoak zehaztu: zer egin eta nora joan (helburuak, urteko plangintza, espazioak, eta abar).

License

Barreiatzen 10: Petra Elser Copyright © by garaigoikoa. All Rights Reserved.

Feedback/Errata

Leave a Reply

Your email address will not be published. Required fields are marked *