11 Barreiatzen 11: Benito Fiz

Soziolinguistikaren dibulgazioa: gaur eta hemen

garaigoikoa

Barreiatzen egitasmoak 11. geltokia du gaurkoan. Eta horretarako Benito Fiz dugu laguntzaile, AEKko kidea eta Karrajua blogaren gidaria.

Euskal soziolinguistika kontzeptua eta dibulgatu aditza ezkondu guran gabiltza hemen. Ez dakit eurak biak ezkontzeko asmotan dabiltzan, ezta sikiera maiteminduta dauden ere, baina ezkontza horretarako alea ipintzen saiatuko naiz.

Saiatuko naiz puntu batean zentratzen. Dibulgazioa komunikazioa da: emaile, mezua eta hartzailea katea da beraz: nork nori eta zer. Eta dibulgazioaz ari bagara, esango nuke “Nori” horri erreparatu behar zaiola nagusiki, dibulgazioa publiko zabal eta ez aditu batengana jakintza hedatzea den neurrian.

Ondo. Zein da publiko hori kasu honetan? Ugaria izan daiteke, baina bistan dago hizkuntza bera etengabe mintzagai dugun hizkuntz-komunitate honetan figura bat dugula nabarmena: euskaltzalea; profesional nahiz amateur; militante zein sinpatizante; aditu zein zaletu.

Eman dezagun beraz euskaltzaleen multzo hori dugula xede. Zer nahi dute horiek bada? Agian eskatzen hasita: “esadazue zer egin behar den horiek guztiek une honetatik aurrera euskaraz egin, desegin, bizi, irakurri, idatzi, pentsatu eta sentitu dezaten” batekin hasiko dira. Badakite askok hori ez dala ez erraza ez posiblea ordea, eta konformatuko dira beste gauza batzuekin:

  • Lanean edo ekinean aurrera egiteko bidea antolatzen edo argitzen laguntzen dien zerbait: mapa, gida, errezeta… deitu nahi duzuen bezala.
  • Animoa eta ilusioa ematen duen zerbait, eta, horrekin lotuta, frustrazioari aurre egiten laguntzen duena.
  • Aktibitate eta komunikazioa: Zer-non dago? Nor-zertan dabil? Zer-zergatik gertatzen da? Nork-zer lortu du? Nork-zer dio? Aktibitatearen eta aktibitatean diharduen komunitatearen parte sentitzea azken batean.

Gauza gehiago ere eskatuko ditu, eta gauza zehatzagoak ere bai, noski. Baina honaino heldu garela pentsa dezagun zer behar dugun gutxieneko hiru eskakizun horiek asetzeko:

  • Komunikazio era eskuragarri eta efektiboa: idatziz edo ahoz publiko horrengana ailegatu behar da, formatuak neurrikoak izan behar dira, ugariak. Hizkera, euskarri eta formatuak egokiak, ezagunak, ulergarriak, erabilgarriak eta ugariak.
  • Pertsonak. Nor, nori eta nork asko dabiltza hemen, bakoitzak bere lekua, bere esperienzia eta bere erreferentziak ditu. Ekinean dabilen komunitatearen parte sentitzeko norekin ari den jakitea gauza ona da. Identifikazioa garrantzitsua da, nor-zer-nongoak eta.
  • Trukea: informazio trukea, esperientzien trukea, ideia-trukea, iritzi trukea. Solasaldia azken batean, berriketa. Kontuz! Ez da esan nahi guztiek parte hartzen duten solasaldia, ez, solasaldi hori bistan jarri behar dela baizik, interesa dutenen bistan jarri zer esan interesgarria dutenen solasaldiak.
  • Saltsa. Esango nuke dibulgazioak tenperatura apur bat eskatzen duela, epeltasuna eta gertutasuna. Pasioa, umorea, jokaera didaktikoa, grafikotasuna bezalako elementuek lortzen laguntzen dutena.
  • Gaurkotasuna, bi alderditan: informazioaren etengabeko eguneratzea behar da batetik, eta bestetik gaur eguneko kanalak, euskarriak eta bideak erabili. Gaur egunekoak gaur eta biharko egunekoak bihar.

Bai, airean uzteko puntuak daude hor. Hau ariketa bat izan  da azken batean.
Zerbait komunikatu-dibulgatu nahi dugu. Nori? Nolakoa da “nori” hori? “Nori” horrek zer nahi du/estimatuko du? Zerk lagunduko digu hori ematen? Ariketa horrekin jarrai daiteke, marra puntudunak betetzen. Dibertigarria ere izan daiteke, e!

License

Barreiatzen 11: Benito Fiz Copyright © by garaigoikoa. All Rights Reserved.

Feedback/Errata

Leave a Reply

Your email address will not be published. Required fields are marked *