12 Barreiatzen 12: Ainize Madariaga

Soziolinguistikaren dibulgazioa: gaur eta hemen

garaigoikoa

Barreiatzen egitasmo xumeak aurrera darrai, txiri-txiri. Gaurkoan gurekin Ainize Madariaga dugu, Euskal Ikasketen masterraren ikaslea.

Bazterreko elkarte moderno, ideki, aurrerakoi, berritzaile, anarkista eta ez-ohiko batean sartu nintzen kontent ideia eta pozez gainezka. Orotariko adin, genero, kolore eta kulturetako jendea biltzen zen bertan. Poztekoa zinez.

Tamalez, okupaturiko lekuak hustarazi zizkiguten poliziaren bidez, aski usaiakoa herri honetan bestalde.

Elkartea, toki finkorik gabe dabil geroztik, eta internetak toki finko hori ordezkatu digu: komunikazioa emailen bidez egiten baitugu sustut.

Idatzi eta arra-idatzi, harik eta bi elkarkidek frantseS itzulpena aldi oroz egiteko eskatu zidaten arte: “elkartean ez garelako euskaldunak baizik, eta, nehor ez dadin baztertua senti…”

Pilotarekin batera abokatua atera zitzaidan bularraldetik: hasi nintzen, bai, itzulpenak egiten mail guzietan.

Bainan ikusirik erantzunak urriak zirela, eta, ziren guti horietan ez zegoela erdaldun bakar batena ere, nere naturaltasunak gailendu ninduen berriz eta nere hizkuntzaz baizik arra-hasi nintzen idazten.

Arrapostuak trumilka jin zitzaizkidan orduan! Ze arrakasta!

Ez zuten mailaren edukiarekin zerikusirik ordea, edukiaren beikuluarekin baizik…ezin zela nehor bazterrean utzi eta mesedez bi hizkuntzetan idazteko beti…

Abokatua atera zitzaidan lasterka pilota hori zilatzekotan. Nere buruarekin leial nintzen berriz eta ongi sentitzen nintzen.

Biltzar nagusi egunERa arte: bukaera aldean (ze ideia txarra izan nuena!) gai bat landu nahiko nukeela adierazi nuen (bilkuran 30 etarik 3 erdaldun zeuden, ondoan itzultzailea zutelarik bilkura euskaraz egiten utziz: bikain!), eta euskararen gaia tratatzeko beharra nuela baldin eta elkartearen balore eta lehentasunetan sartzen bazen. Erran nuen mailetan itzulpena aldi oroz egiteak ez ninduela eroso bizitzen uzten eta banuela horretarako proposamen bat: (Txerra eta Kikeri milesker!!) mailingean bi zerrenda egitea: euskaldunena eta erdaldunena, mail guziak euskaraz egitea, eta erdaldunen zerrendakoei laburpen bat tarteka igortzea, eta gehiago jakin nahi zuenari bistan dena luze ta zabal idaztea behar izatekotan. Guk egiten ez bagenuen nehork ez zuela euskararen espaziorik (Lorea Agirreri kontzeptua hartua) sortuko. Gure esku zegoela eta horri buruz eztabaidatu nahi nuela.

Lehenik erdalduna alde agertu zen: bere euskara landuko zuelakoan (bertze nehon ezpaitu euskararekin harremanik).

Ondotik Tsunamia: “ez dut ulertzen nola erraiten ahal dituzun holako gauzak! Zendako bi zerrenda? Horiek eta gu?! Zendako baztertzen dituzu?! Gaizki sendituko dira! Errespetu falta da horiendako! Faxista!…”

 

Nere kanona ez zen 1/8koa, baizik 5/8koa…burua ezin altxatuz…ze karga!

Abokatua lur-jota ongi izorraturik etxeratu zen. Auzi hura sarraski hutsa izan zen! Txirla bere oskolaren barnean luzaz egon zen…bazterturik…

 

Ondoko bilkura jin zen arte. Deseroso baina abiatu nintzen. Eta Txerraren aholkuei kasu emanez posibitiboki hasi nuen saioa: “EA egun ere joan den bilkuran bezala lortzen dugun dena euskaraz egiteA, bikain baitzen!”. Goxatu zituen bazterrak.

Abokatuak nere proposamena mahain gainean ezarri zautan berriz: “joan den aldian oso une txarra hautatu nuen gaia aurkezteko, gaur ez dugu horretarako astirik, bainan nahiko nuke gaia luze eta sakon eztabaidatu noizbait ere”.

Harrera ona izan nuen, eta utzi nituen solasean, beren artean: euskaldunak 3 eta erdaldun bakarra. Ni isilik. Emaitza: euskaldunek barkamena eskatzen zidaten… ez! Eskatzen zioten erdaldunari batzuetan euskara hutsean egiten baikenuen gure artean, edo banderolaren bat, eta kanpoko jendearekiko beharbada euskara erasokorra izan zitekeela eta baztertua senti zitezkeela…bai, euskarari buruz eztabaidatu behar dugula. Oso edekiak garelako.

Hain edekiak, wolof eta txineraz ere egin ditzakegulako mail guzien itzulpenak ere, frantsesa baino aise edekiera zabalagoa lortuko lukeelako, ez?

 

Euskaldun horiek abertzale eta oso abertzaletzat dute beren burua. Eta euskarak ematen eta eman izan die jaten.

 

Lan psikologiko izugarria dago egiteko: eta deskubritu dudan TELP-i esker (berriz ere Kike eta Txerrari esker mila!) badut nere hizkuntzaz naturaltasunez bizitzen segitzeko indarrik. Sechu Senderen obra maestrak irauli dezake erdararen normalizazioaren militantzia eta hiztun normaloi bazter batetik gozarazi gaitzakeelako gure hizkuntzan bizitzea.

Ttittika Rekaltek aldarrikatzen duen bezala: “utzi dezagun hizkuntza bere bidea egiten, goza dezagun libreki, mugak apurtu, txintxotasuna hautsi eta tabuak erautsiz”.

 

Besteekiko jende edekiak garelakoan eta eroso senti daitezen gure etxea beraiei uzten diegu, eta beraiena bilakatzen dugu: baztertzen dugu gure bandera; Carles Beldak dioen gisan: gure bandera hizkuntza bera baitugu.

Bainan erdaldunei ez diegu galdetu ere egiten deseroso sentitu direnez gure bandera horrenpean egotean (Estibaliz Amorortu eta Ane Ortegak 2009an erdaldunen jarreraz egin inkestaren harira), gure hizkuntzaz mintzatzeagatik hots. Badira aterabideak erdaldunak gurera ekartzeko, gu beti beraienera joan behar izan gabe.

Instituzioek badukete zereginik, bistan dena, bainan gure baitako lana, barne-lana, ezinbertzekoa dela deritzot…eta TELP tailerrak egarria kentzeko ura ematea bezalakoak dira. Egarriak fite hiltzen duela jakinik. Ttipi-ttipitik elikatu beharko genukeen harrotasuna erein behar dugu gure hizkuntza-mentalitatean. Lanabesak banatu hiztuneai, eguneroko estres linguistikoari aitzi egiteko, goxoan eta gustian bizitzekotan.

Iparraldeko bazterretan Telpeatzerik bai? Noizko?! Hartuko dut gure hizkuntzak merexi duen abokatua.

License

Barreiatzen 12: Ainize Madariaga Copyright © by garaigoikoa. All Rights Reserved.

Feedback/Errata

Leave a Reply

Your email address will not be published. Required fields are marked *