4 Barreiatzen 4: Olatz Olaso

Soziolinguistikaren dibulgazioa: gaur eta hemen

garaigoikoa

Barreiatzen egitasmoko laugarren gonbidatua Olatz Olaso dugu. Emuneko I+G+Bko arduraduna da Olatz.

Soziolinguistikaren dibulgazioaz : kanalaren garrantzia

Soziolinguistikaren dibulgazioaren inguruan hausnartzeko bidea zabaldu digu Txerrak proiektu honetan eta, zorionez, dexente izango gara hausnarketan parte hartuko dugunak. Ez nuke nahi denok mezu berdinaren bueltan jardutea.

Horrexegatik, erpin edo bazter batetik gaiari heltzea pentsatu dut. Kanalaren inguruan hitz gutxi batzuk utziko ditut.

Sentsazioa daukat soziolinguistika NOLA zabaldu behar dugunaren inguruan gutxi pentsatzen dugula.

Edukia hasieratik argi izaten dugu. Ez da erraza baina eman nahi dugun mezuaren inguruan pentsatzen tarte bat pasatzen dugula uste dut. Hartzaileengan ere batzuetan pentsatzen dugu: norengana zuzendu behar dugu? Hartzailea bakarra da? non aurkitzen da hartzaile hori?

Eta horrek biak leku egokira eramateko BIDEAZ? Kanalaren inguruko hausnarketarik egiten dugu?

Sarritan betiko formatuak errepikatzen ditugu, nahikoa denbora eskaintzen ez diogulako arlo honi. Munduan dibulgazioa nola egiten den zaintzen badugu eta sormen apur bat erabiltzen badugu, aurrerapausu nabarmenak eman ditzakegula uste dut. Gainera, sarritan bitartekoa izan behar dena helburu bihurtzen dugu: 300 orrialdetako liburu polita, ehunka laguneko jardunaldia… Kanala edo bidea bitarteko izan beharko litzateke. Ikusi beharko genuke bideak bere lana egin duen eta mezua hartzailearengana iristea lortu dugun.

Kanal edo bideei dagokienez, uste dut badaudela praktika interesgarriak,  beraien txikitasunean ere. Hona hemen adibide batzuek:

●     Euskara jendea: Xamarrek bide oso interesgarri bat zabaldu zuen soziolinguistikaren dibulgazioan argitaratu dituen hiru liburuen bidetik (Orhipean, Orekan eta Euskara jendea). Bide horretatik jarraituta, izenburu berdinarekin egiten diharduen pelikulak ere beste bide oso interesgarri bat ezagutzeko aukera emango digu.

●     Karrisolasa: Karrikiri elkarteak ere herri mailan hausnarketa soziolinguistikoa egiteko beste bide polit bat proposatu du Karrisolasen bitartez.

●     Pirritx, Porrotx eta Marimototsek dibulgazio soziolinguistiko handia eta alaia egiten dutela uste dut. Hainbat adibide aurki ditzakegu beraien jardunean. Euren abesti bat, TELP tailerra oinarri moduan duena, adibide moduan.

●     Eta literatuaren eta ipuinen bidez ere soziolinguistikaren dibulgazioa posible dela erakutsi digute Galizia aldetik ere, Made in Galiza-ren bitartez.
Beste diziplina batzuetakoak ekarri behar ditugu soziolinguistikaren bueltara dibulgazioa hobeto egiten laguntzeko: musikariak, ezagutzaren kudeaketan adituak, zinemagileak, idazleak,… eta zergatik ez, dantzariak!

License

Barreiatzen 4: Olatz Olaso Copyright © by garaigoikoa. All Rights Reserved.

Feedback/Errata

Leave a Reply

Your email address will not be published. Required fields are marked *