6 Barreiatzen 6: Marije Manterola

Soziolinguistikaren dibulgazioa: gaur eta hemen

garaigoikoa

Gaurkoan barreiatzen egitasmoan gonbidatua Marije Manterola dugu, Emuneko teknikaria. On egin deizuela!

Nola zabaldu soziolinguistikaren ikasgaiak

Euskararen biziberritzea ofizio eta afizio dugunok, euskararen erabilera(eza)ren inguruko proposamen anitz izaten ditugu eskuartean -ikerketa, ondorio, interbentzio, ebidentzia etabar-. Soziolinguistika Klusterrak modan jarri duen hitz berriren bat, Udaltop-ek mahaigaineratu duen egitasmo interesgarriren bat edota erabilera neurtuko duen aplikazioa, adierazle berriz hornitua.

Asko dakigu eta dihardugu baina ez dugu asmatzen ezagutza hori hartzaile talde arruntarengan guk nahi adinako eraginkortasunarekin helarazten.

Errealitate hau ez da gaurkoa. Orain 20 urte euskara elkarteak sortu genituenean gure kezka nagusia horixe zen: herritarrei ezagutarazi nahi genien euskararen biziraupenean beraien egitekoa ezinbestekoa zela; kontzientzia piztuarazi behar genuen erabilera areagotu nahi bagenuen.

Gogoan dut Siadecoko Iñaki Larrañagak nola azaltzen zigun, garbi, hartzaile taldeak berezitu eta berariazko mezuak eskaini behar zitzaizkion bakoitzari. Susmoa dut, zoritxarrez, gutxi aurreratu dugula bereizketa honetan.

Egia da egon badaudela esperientzia oso interesgarriak: Ebete, Auzoko, Telp, Badu,bada erakusketarako sortutako estres linguistikoa eta beste hainbat; ziur zuk ere ezagutzen duzula besteren bat. Baina egia da, aldi berean, ez dugula asmatu soziolinguistikan dugun ezagutza mardulari guk nahi adina etekin ateratzen. Ez garela herritarrengana nahikoa iritsi, ez dugula euskaltzaletasuna nahikoa barreiatu; azken finean, gutxi eragin dugu hizkuntzaren biziberritzean, erabileran.

Eta nola egin euskararen berrindartzeari buruz dakigun hori guztia zabaltzeko, egoki zabaltzeko? Euskaraz aritzeko manualak/gidaliburuak/eskuliburuak (digitalak, paperezkoak, ikusentzunezkoak, noranahikoak) sortu, egokitu, birantolatu izan daiteke aukera bat, xumea izanik ere. Zertaz ari naiz? Gidari onaren manuala dagoen bezala (egon badago, ez?) sortu ditzagun manual berezituak bi norabideetan: ezagutzari lotuak -euskaldun, hartzaile, erdaldun aldeko eta abarrentzat berezituak- eta erabilera sustatzeko sortuak.

Garrantzitsuena: ez daitezela banaka pentsatu eta egin, ez daitezela noizbehinkakoak izan; epe luzeko plangintza baten barruan kokatu daitezela eta, batez ere, lankidetzan pentsatu, sortu, zabaldu eta erabiliak izan daitezela. Erakunde ezberdinen artean, norberak berera ekarrita baina sinergiak probestuta. Horrela, eragina biderkatzailea izango lukete. Hango eta hemengoek erabiliko lukete, han eta hemen eragingo genuke.

License

Barreiatzen 6: Marije Manterola Copyright © by garaigoikoa. All Rights Reserved.

Feedback/Errata

Leave a Reply

Your email address will not be published. Required fields are marked *