7 Barreiatzen 7: Rosa Ramos

Soziolinguistikaren dibulgazioa: gaur eta hemen

garaigoikoa

Barreiatzen sailak aurrera darrai, txiri-txiri baina gelditu gabe. Gaurkoan gonbidatua Rosa Ramos dugu, Berriozarreko euskara teknikaria.

Jakintza arlo guztietan lan dibulgatzailea oso garrantzitsua da. Batetik, gizarteak jakintza hori ezagutu eta baloratzen badu, errazagoa da errespetuz begiratzea eta garatzeko baliabideak ematea eta, bestetik, dibulgazioa egitean adituek ahalegin berezia egiten dute jakintzaren alde teorikoak eta praktikoak uztartzeko; hau da,  “oinezkoen” beharrak asetzeko lan teorikoek zertan lagundu dezaketen azaltzen saiatzen da dibulgatzailea.

 

Soziolinguistikaren kasuan ere bi arrazoi horiek betetzen dira, noski. Bestalde, beti pentsatu dut euskaldunak gizartean gertatzen diren prozesu soziolinguistikoez jabe izateak hiztun indartsuago bihurtzen dituela; indartsuago egunerokotasunean jokabide ausartagoak izateko edo, esate baterako, “estres linguistikoa” hobeki eramateko (behin onartuta gainetik erabat kentzea ezinezkoa dela…).

Dena dela, soziolinguistikak azaldu dezakeena, egoki azalduta badago, hiztun guztientzat interesgarria eta aberasgarria dela iritzita ere, bada giza talde bat, nire ustez, “soziolinguistika pilulak” ezinbestekoak dituena: eskolaren bidez euskaldundu diren gazteen multzoa. Izan ere, premiazkoa dute ulertzen hastea euskara edo gaztelania erabiltzen dutenean sentitzen dituzten barne gatazkak; ulertzea eskola edo institutuko eta herriko erabilera-dinamiken arteko ezberdintasunen zergatiak; ulertu behar dute, azken finean, hizkuntzen berreskuratze prozesuak nolakoak diren, gazte horiek berreskuratze prozesuaren parte oso garrantzitsua direlako, eta, askotan, haiek zergatik ulertu gabe, inkesta, datu eta bestelako emaitzen erantzule egiten ditugulako.

License

Barreiatzen 7: Rosa Ramos Copyright © by garaigoikoa. All Rights Reserved.

Feedback/Errata

Leave a Reply

Your email address will not be published. Required fields are marked *